XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kilometroak eta ikastolen inguruko bi arrisku
Antonio Kanpos: Taldekeriak eta etsipenak desegingo gaitu.

Ikastolen eguna inoiz baino beharrezkoagoa zaigu ikastolagintzan gabiltzanoi.

Ez dirua biltzeko.

Hori konponduko den arazoa bait da lehentxeago ala geroxeago.

Euskararen alde iritzi desberdinetako jendea elkartzeko eta elkar animatzeko behar dugu egun hau, taldekeriak eta etsipenak desegiten ari bait gaitu denok.

Antonio Kanpos, Gipuzkoako Ikastolen Federazioko lehendakaria, nahiko kezkaturik dago Kilometroak egunetan eta ikastolen inguruan sortzen ari den giroaz.

Eta elkarrizketan hasterako bere barruko mina agertu digu.

Kilometroak Eguna, denon eguna da.

Iritzi desberdineko jendea ikastolen eta euskararen alde elkartzen gaituen festa bat.

Goizetik gaueraino euskararen alde agertzen da bakoitza bere neurrian eta erara.

Euskal Herrian Euskaraz taldeak ibilaldiaren barruan antolatu duen manifestaldiari ez diot ez bururik eta ez hankarik bilatzen.

Euskal Herria euskalduntzea nahi dugu egun horretan azalduko garen guztiok, ez EHE taldeak bakarrik.

Ibilaldira bilduko den zenbait jende uxatzeko eta mintzeko besterako ez da manifestaldi hori, nere ustez.

Ezin dut onartu, beraz, hoien jokabidea.

Baina, Antonio Kanpos ez du ibilaldi egunean zenbaitek nabarmen erazi nahi duen taldekeriak bakarrik kezkatzen.

Baita ikastola inguruan sortzen ari den etsipenak ere.

Autokritika beharrezkoa da, gehitu digu Federazioko lehendakariak, baina egiazkoa izatekotan eta lanerako poza eta indarra sortzekotan.

Dena beltz, dena gaizki ikusten duen kritika ez da egiazkoa.

Etsierazi eta asper erazi besterik egiten ez duen kritika kaltegarria da.

Azken urteotan gehiegi azaldu dizkiogu gure kartak eta akatsak etsaiari.

Ez gara kostata lortutako fama onari eusten saiatu.

Geure lana gehiegi gutxietsi dugu.

Beste ikastetxeak hobeto ote dauden susmoa zabaltzen ari gara.

Asko aurreratu dute, noski.

Baina ikastolaren mailara iristeko urrats handiak eman behar dituzte oraindik, euskara eta euskal kulturaren alorrean, batez ere.

Ekonomi arazoa konponduko da.

-DEIA: Dirua biltzeko asmatu zen Kilometroak.

- A. KANPOS: Ikastetxe berriak egiten ari ginen garaia zen.

Dirua behar zen nolabait.

Orduko ohiturari jarraituz ehuneko 20 Federazioarentzat izan ohi da eta beste ehuneko 80 antolatu duen ikastolarentzat.

Gaurregun Eusko Jaurlaritzak egin ohi ditu ikastetxe berriak.

Lehen egindakoen kargak ere berak hartuko ditu laster.

Ikastolen irtenbidea garbi dago alde horretatik.

Hala ere, bienbitartean karga haundiei erantzun behar die zenbait ikastolak.

Donostiakoek esate baterako, 541 miloi pezetako zuloa dute.

- D.: Merezi al du antolatzen jarraitzeak, diruaren arazoa konpontzen bada?.

- A. K.: Ekonomiaren arazoa konponduko da.

Guk nahi baino nekezago, baina laster konponduko da.

Diruak ez ditu gauza guztiak erremediatzen, ordea.

Euskal Herria euskalduntzeko eta irakaskuntza euskalduna itxuraz emateko mila zailtasun sortzen dira.

Ezinak etsierazi egiten du.

Euskararen aldeko langintzara jendea bultzatzeko eta animatzeko beharrezkoak dira honelako egunak eta bilerak.

Egun hauen egitekoa horixe da: jendea bildu, jendea poztu; ez uxatu eta etsierazi.

- D.: Publikotasunaren eta dohantasunaren bila abiatu dira ikastolak, dirudienez.

- A. K.: Ikastolarik gehienek publikoak izateko borondatea erakutsi dute.

Baina horretarako beren nortasuna galdu gabe.

Hori lege-molde berezi baten bidez bakarrik egin zitekeen oraingoz, gehienen ustez.

EIKE, ikastolako gehiengoari erantzuteko onartu zuen Eusko Legebiltzarrak.

Euskal Eskola Publiko bakarra egitea da helburua, noski.

Baina egun hori iritsi zai ezin gintezkeen egon ikastolok.

Orain, behar genuen erantzun egoki bat.

Federazioen lekua.

- D.: Ikastolen erakundetze prozesu hontan zer leku du Federazioak?.

- A. K.: Administrazioarekiko harremanetan beharrezkoa dute ikastolek bitarteko indartsu bat.

Irakasle, guraso eta indar desberdinez osatutako elkarte indartsu bat nahitaezkoa dugu.

EIKEren zuzendaritzan federazioen bidez ordezkaztuko dira ikastolak.

Zenbat eta ikastola gehiagoren babesa daraman orduan eta indar haundiagoa izango du ordezkariak.

Gaurregun federazio indartsuak sortzeko aukera dugu.

Irakasleen elkarteek sindikatuen papera jokatu behar zutenean eta guraso elkarteek nagusiena, zailagoa zen bat egitea.

Orain, sindikatuen bidez eta administrazioarekin borrokatuko dira langile-eskakizunak.

Federazioan eta juntetan elkarrekin errazago egin dezakete lan guraso eta irakasleek, beraz.

- D.: Administrazioaren aurrean ondo ordezkatua izateko bakarrik?.

- A. K.: Ez noski.

Federazioak, euskararen aldeko langintzan denok elkartzeko itzal haundia behar du.

Iritzi bateko eta bestekoen beharra du euskarak eta ikastolak.

Pluraltasunari eutsi behar dio federazioak.

Eta ahal diren indarrik gehienak lanean jarri behar ditu.

Bestalde testugintzan, pedagogi eta irakaskuntz metodo berrien sorkuntzan eta abarretan premia haundiak daude.

Zerbitzu on eta egokiak eskaitzen badu eginkizunik eta etorkizunik Federazioak.

Hori guztia burutzeko, berriz, dirua behar du.

Eta bere dirua, gainera, nortasuna, askatasuna eta indarra izan ditzan.

Gaur bezalako ekinaldietatik datorkion dirua ez zaio gaizki etortzen, beraz.

Antonio Kanpos, Gipuzkoako Ikastolen Federazioko lehendakaria.

M. A.